XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honela heldu zitzaion lan-uzte adina, 1954-ko Abenduaren lehendabizikoan, 70 urte zituelarik.

Ez dut uste tristura haundia eman zionik lanaren utzi beharrak.

Pozik ere ez, noski.

Bere ilusioa telefonua zen eta hura kendurik zuen aspalditxoan.

Orduan hartu zuen hartzeko nahigabea.

Bestalde, jubilazioa atzemanda, pozbide bat gelditzen zitzaion, hots, euskarari eta Euskaltzaindiari bere indarrak oro eskaintzekoa, bizitza guztian, lanaren-lanez, izan ez zuen mugona.

Baina, itxaropen goxo horietan zegoela, horra non etorri zitzaion ustekabeko ez-beharra.

HANKA EBATEA ETA HERIOTZEA

Aspaldixko nabaitzen genion gure aitari itxura kaskarra eta osasunaren martxa txarra.

Azken bolaran aurpegia hanpatu zitzaion, matrailak zeharo puztuak balitu bezala haizez edo urez.

Antrax sustraitsuak ere bata bestearen ondoren atera zitzaizkion lepoan eta buruan, eta hauetako batek ikaragarrizko zuloa utzi zion buruan sustraitik atera ziotenean.

Denok konturatzen ginen ez zebilela ongi, baina medikuek ez zioten hainbesteko garrantsirik eman edo ez zioten igarri haren barruan sortzen ari zèn ekaitzari.

Eta halaxe, 1954-ko Abenduaren 8-an, arratsaldeko zazpi t'erdietan, berebiziko enbolia eraso batek jo zion hanka batera.

Mari Karmen Aranburu nire ezkon-arrebak zioen, bere etxetik aitarengana korrika heldu zenean, atakeak jo eta gero, oinaze garrasiak jardinetik (Aldatzain izeneko villan bizi baitzen. Aldatzainek bazuen bere istoria zeren frankistek izena kenarazi baitzioten) entzuten zirela, eta sufrimenduak isil-isilik burutzen inor gutxik bezala zekien.

Arestian ikusi genuen bere antrax delakoekin nolako egonarriz eramaten zúen bere oinazea.

Mari Karmenek esaten zidan harrigarria zela sufrimendurako zer izpiritua zúen.

Hortik igarri nolako oinazeak pasa zituen lehendabiziko ordu haietan.

López Gonzalo bere ohe-medikuak atenditu zuen berehalakoan eta aditzera eman zigun hil edo bizizko kasua zela.

Hamarretan San Inazio klinikara eraman zuten eta zain bat ideki zioten gian (ingle), oinazea baretzeko alegia.

Operazio hau hamarterdietatik hamaikak bitarte egin zioten.

Goizeko ordubietan ez zioten pultsorik nabaitzen.

Hotza omen zegoen, hilotz baten irudi eta kordegabe.

Horrela zetzala, Aita Gordoa jesuita, haren arima zuzendaria heldu zen eta Olio Saindua eman zion.

Une honetatik, mirari bat bailitzen, birpizten hasi zen eta irriabar gozo bat ezpainetaratu omen zitzaion.

Egunez-egun bizkortzen joan zen, baina, ezkerreko hankan, koaguluaz, odolak ez zion korritzen.

Beraz, belaunetik behera, hanka bat igarra, hilda gelditu zitzaion eta indezio klase guztiak alferrikakoak izan ziren odolguria (koagulua) beheratu ahal izateko.

Medikuek itxaropen guztia galdu zuten hanka salbatzeko eta moztea erabaki zuten.

Hanka ebatea arrisku haundiko operazioa zen gure aitaren kasuan, zeren bihotza zartatua baitzuen eta 70 urte lepo gainean.

Baina, ez zegoen beste irteerarik.

Franzisko Arriola Ondarrutar ebaketari euskaltzaleak operatu zuen Abenduaren 15-ean, ezkerreko hanka belaun gainetik moztuz.